XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) A. Irigoyenek prestatuak biak: Cartas de Inchauspe al Príncipe L-L. Bonaparte eta Cartas de Mariano Mendigacha a D.R.M. de Azkue, azken hau erronkarieraren eta, batipat, Bidankozeko hizkeraren berri izateko baitezpadakoa.

F. de Zeriok argitaratu zituen honen osagarri Azkuek Mendigachari bidalitakoak (1961).

Irigoyenek argitaratutako gutun berak J. Estornés Lasak berrargitaratu zituen handik geroagora: Mendigacha'k Azkue'ri kartak 1902-1916 (FLV 1984).

Argitalpen honetan, gaztelaniazko itzulpenaz gain, ohar eta zuzenketa batzuk ere erantsi zituen.

Baita, amaieran, erronkarierari buruzko bibliografia ere.

2.2. Ikertzaile atzerritarrak

Aurreko saila (2.1.) osatzen duten lanei so eginez, gehienak ikertzaile amateurren emaitzak direla ohartuko gara.

Galduz doan bizimoduari (nekazaritza, artzantza...) lotutako hizkeraren edota, zenbait lekutan, galduz doan euskararen beraren azken aztarnak jaso nahian diharduten euskaltzaleen emaitza apal eta, sarritan, badaezpadakoak.

Ez behintzat, ezta hurrik eman ere, euskalari ikasien goimailako ikerlanak.

Eta bertoko euskalari ikasi ezak agerian utzitako hutsunea atzerrikoek bete zuten oraingo epe honetan ere hein handi batean.

René Lafon izan genuen denetan lehena.

Ez zen izan dialektologia sakontasun handienaz landu zuen alorra, baina baditu honetan ere nabarmendu beharreko ekarpenak.

Aurrenekoa, beharbada, Observations sur la place de l'accent dans quelques formes basques des parlers souletins (1935).

Hain berezia den zubereraren azentua aztertzeari ekin zion Lafonek, bere ezaugarririk behinenak zehaztuz eta arautuz eta, aldi berean, Leizarragaren izkribuetakoarekin alderatuz eta bien arteko kidetasun estuak agerian jarriz.

Bere laburrera gorabehera, azpimarratzekoa da txosten honek ondorengoengan izan zuen eragina.

Maila handiagokoa da Sur la place de l'aezcoan, du salazarais et du roncalais dans la classification des dialectes basques (Pirineos 1955).

Bonapartek (1872) urratutako bideari jarraituz, batera aztertu zituen aezkera, zaraitzuera eta erronkariera.

Baina hizkera gehiago ere hartu zituen Lafonek alderagai: Iparraldekoak, baztanera eta Nafarroa Garaiko beste zenbait.

Eta hau berrikuntza metodologikotzat jo behar dugu Euskal Herrian, euskararen orokortasuna eta gainontzeko hizkera eta euskalkiekiko loturak ia batere aintzakotzat hartu gabe, herri edo eskualde jakin bateko hizkeraren azterketara mugatzen zirelako itsu-itsuan dialektologian zihardutenak gurean.

Bigarren berrikuntza metodologiko bat ere nabari da lan honetan.

Oinarrizko ezaugarri zenbait hautatu eta, ezaugarrion arabera, hizkera bata besteetatik zerk batzen eta zerk banatzen zuen zehazten ahalegindu zen.

Eta, zalantzarik gabe, horixe zen Bonaparteren euskalki-sailkapenaren egokitasuna egiaztatzeko zein gezurtatzeko bidea.

Ezaugarriak hautatze horretan ere bada Lafon eta bere aurrekoen artean alderik.

Azken hauek aztertutako eta liluratutako bokal eufonia eta aditz laguntzailearen aldaeretara mugatu ordez, osterantzeko ezaugarriak mundu zabaleko dialektologia lanetan jarraitzen ziren berberak hartu zituen kontuan Lafonek.

Handik gerora Larrañeko hizkeraren ezaugarriak argitaratu zituen txosten bitan: Contribution á l'étude phonologique du parler basque de Larrau (Haute-Soule)(...)